Datozen hilabeteetan, urrian ospatuko den Ondarearen Europako Jardunaldiak direla eta, Beasaingo udalaren babesarekin Igartzan proiektu berri bat jarriko da habian.
Askok jakingo duzuen bezala Igartzako Monumentu Multzoak historia oso luzea du bere atzean, XIV. Mendeko dorretxearen aztarnetatik hasita gaur egunera artekoa hain zuzen. Dokumentu historiko eta indusketa arkeologikoei esker orain dela mendeetako historiak argia ikusi zuen. Baina urteak pasa ahala ilunpean geratzen ari den historiaren zati bat ere bada, garaikidea.
Igartzak 2011ean ireki zituen ateak Monumentu Multzo gisa. Zahar-berritze eta birgaitze lanei ekin aurretik ere bizirik zegoen ordea. Monumentu Multzoa osatzen zuten eraikinetan pertsonak bizi ziren eta kontserbatu ez diren beste eraikinak ere bazeuden: Errementari, Usategi, Zapatari... eta hemen jaio, hazi eta hezitako pertsona ugari adinean aurrera doaz. Honek arrisku bat dakar, Igartza Monumentu Multzo bihurtu aurretiko bizipenak gal daitezke.
Horregatik “Kontaidazu Igartzako istorio bat” proiektua sortu dugu. Honen helburua Igartzan 80/90 hamarkaden aurretik Igartzan bizi zirenei elkarrizketak egin nahi dizkiegu. Elkarrizketa hauek grabatu egingo dira, bizipen eta istorio ezberdinak jasotzeko. Aurrerago elkarrizketa hauekin mahai ingurua egingo da, irekia izango da nahi duenak parte hartu ahal dezan.
Udan (uztaila eta abuztuan) elkarrizketatuak izan daitezkeen pertsonak bilatzen jardungo dugu. Lan honetarako Goierritarren laguntza eskertuko genuke, Igartzarekin nolabaiteko lotura izan zuen norbait ezagutuko balu, haren kontaktua erraztea eskertuko genuke: Dolarean sagardoa egiteko sagarrak eramaten zituen baserritarren bat, jauregiko “letxeroaren” bezero edo autoko gidabaimena harekin atera zuen inor, Usategi baserrikoak, Errementariko Angelengana joaten zenik animaliak ferratzera, errotara Irizarrenera joaten zenik artoa eramatera edo pentsu bila ... Ziur gaude istorio asko daudela kontatzeko.
Behin pertsona horiek aurkituta, irailean zehar datak zehazten joango gara bakoitzarekin elkarrizketak egin ahal izateko.
Elkarrizketa guztiekin saio berezi bat antolatuko dugu, urriak 23rako mahai-inguru bat antolatuz. Mahai inguru hau izango da gure aurtengo eskaintza Europako Ondarearen Jardunaldien baitan, aurtengo ONDAREA ARRISKUAN leloak, ondorengo hiru esparruak hartzen ditu:
- BIZIBERRITU. Ondare bizia aktibatzea eta kultura-transmisioa.
Ondare immateriala, hizkuntza gutxitua, ofizio tradizionalak, tradizioak eta eraikuntza-jakintzak bizirauteko esku-hartze aktiboa behar dute. Ondarearen dimentsio humanoa eta komunitatearen parte-hartzea balioesten dira.
- BABESTU. Arriskuaren aurrean babestu eta indartu.
Klima-aldaketa, fenomeno natural bortitzek, turismo masifikatua, utzikeria eta higadura. Kudeaketa prebentiboa eta hirigintza-plangintza funtsezkoak dira ondarea babesteko.
- BERRIDURIKATU. Ondarea berritu, berrinterpretatu eta erabilera berriak.
Berrikuntza, digitalizazioa eta gizarte-partaidetza sustatuz, ondarearen esperientzia, kudeaketa eta erabilera modu berriak bultzatzen dira.