Igartzako jauregian badira oraindik argitu gabeko misterio batzuk. Elkanoren mundu-biraren 500. urteurrena aitzakiatzat hartuta, misterio hauetako bat aurkeztu nahi dizuegu:

Jauregiko txoko batean, XV. mendearen 2. erditik eta XVI. mende hasiera bitartean datatuak dauden  “graffitiak” aurkitu ziren, ikatz-ziriz eginiko marrazki eta hizkiek osatzen dute multzoa. Marrazkien artean deigarrienak bi itsasontziren irudiak dira. Irudi hauen inguruan mila galdera sortzen zaizkigu... Zergatik daude marraztuak Igartzan? Zein erlazio izan zezakeen Igartzak itsasoarekin? Nork eta zergatik marraztu zituen?

Elkano2

Galdera gehiago sortzeko, bi itsasontzien artean hitz bat dago idatzia “dege”; adituen iritziz latinezko dego aditzaren inperatiboa izan DAITEKE (denbora pasatu, bizi, jarraitu). Horrela bada, itsasontziek nora jarraitu behar zuten? Edo zerri jarraitu behar zioten?. AGIAN itsasoz haratagoko lurralderen batera baleak ehizatzera egin ohi ziren bidaia edo mende haietan gauzatu ziren itsas bidaia esanguratsuak jaso nahi izan zituzten? Nao Victoria izan OTE DAITEKE bietako bat? Edo Kristobal Kolonen Pinta, Niña edo Santa Maria itsasontziak izan OTE daitezke?

Galderak ez dira hemen amaitzen. Itsasontziengandik gertu beste multzo bat dago, kasu honetan hitzak daude idatziak, horoskopoko zeinuak. Zergatik? zertarako? ezin da ezer ziurrik esan. BALITEKE erlazioren bat izatea itsasontziekin? AGIAN bai, izan ere horoskopo zeinuak astroen bidez, gaueko zeruetan konstelazioetan interpretatzen ziren eta izar multzo hauek ziren garaiko GPS-ak, itsasgizonak izarrei esker orientatzen ziren. Haurreko paragrafoan aipatu bezala, agian izarrei jarraitu behar zieten? (gainera, bi itsasontzien artean, “ilargi” baten irudikapena ere agertzen baita).

Elkano3

Erantzunik gabeko mila galdera hauek, Igartza misterioz inguratzen dute. Itsasontzien inguruko misterio hauez gain, Igartzak beste hainbat sekretu gordetzen ditu; hauek ezagutzeko bisita gidatuetan parte hartzea gomendatzen dizuegu.
Irailak 11 arte (asteazkenetik igandera) 11:30tan, 13:00tan, 16:30tan eta 18:00tan. Irailaren 12tik aurrera asteburu eta jai egunetan, 11:30tan eta 13:00tan.
Irailak 6an ere, asteartea, Elkanoren eguna dela eta Igartza zabalik egongo da.