Usadioak
Ondare jabetza osatzen duten Monumentu Multzoko eraikinekin batera, Igartzan ohiturak eta usadioak mantendu dira, mendeetan bere ingurunean bizi izan diren herritarren sinesmenen eta bizimoduaren lekuko direnak. Kultur eta ondare ekintza hauek, Euskal Kultur Ondarearen Legeak ondare ukiezin izendatu ditu.
San Joan bezpera
San Joan bezpera, ekainak 23, egun magikoa da Igartzan antzinako tradizioak berreskuratu eta berrindartu izanari esker. Ohitura zaharrei eutsiz, arratsaldean bizilagunek makal-zuhaitza altxatzen dute. Bitartean, neskatila gazteak inguruko zelaietan basa-loreak bildu, horiekin koroak egin eta buruan jarrita, makalaren inguruan dantzatzen dute. Ondoren, Barrendain plazan egiten den su lekuraino abiatzen dira dantzan.

Ezpata Dantza eguna
Iraileko bigarren larunbatean ospatzen da Igartzako Ezpata Dantza eguna.
Aspaldikoak dira zubiko dantza horiek: Goierri zeharkatzen zuten agintariak ezpata dantza eginez omentzen zituzten. Gaur egun, dantzariz osatutako konpainia udaletxeko bandera hartuta, Igartzara abiatzen da. Dantza nagusia zubiaren erdian egin ohi da eta ezpata-dantzarien kapitaina ezpatekin egindako dorre baten gainera igotzen denean, eta Igartzako eta Beasaingo banderak astintzen dituenean, bukatzen da. Igartzako jaunen eta Beasaingo Udalaren arteko liskar eta gatazken bukaeraren isla da bandera biak jauregiko balkoian jarritakoan dantzari ematen zaion bukaera. Tradizio bat, Beasaingo herriak eraikin horien jabetza eta erabilera eskuratu duen une historikoan sortu dena, hain zuzen ere.
Bisita gidatu antzeztua
Urtean zehar eskaintzen diren bisita gidatuen artean, nabarmentzekoa da Igartza Monumentu Multzoan zehar egin ohi den bisita gidatu antzeztua. Errotari, merkatari, jauntxo, olagizon eta bestelako protagonistek garai bateko Igartzako bizimodura eramango gaituzte. Antzezle lanetan Hijos de Martin de Loinaz antzerki taldea, Kantu-jira, Igartza Monumentu Multzoko gidariak eta beste hainbat herritar aritu ohi dira.
Azkenik, data espezifikorik ez duten baina garrantzitsuak diren bestelako ekintza zein tailerrak burutzen dira Igartza Monumentu Multzoan, euskal ohiturak ikusi eta ikasteko. Azken finean, Igartzako Monumentu Multzoa lanaren, festaren eta hizkuntzaren bidez bere nortasuna berritzen jakin izan duen komunitate bizi baten isla da.