Iritsi dira aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldiak. Europar Batasunarekin lankidetzan, Europako kontseiluak sustatutako jardunaldi hauen bidez Ondare Kulturalari buruzko sentsibilizazioan sakondu nahi da, gure ondareaz gozatzeko aukera ugari eskainiz.

2021ko leloa “GUZTION ONDAREA, DENOK PARTE! Ondare irisgarri eta inklusiboa” da, honekin ondarea gizarte osoari dagokiola aldarrikatu eta ikusarazi nahi izan da.

Hainbat elkarte eta kolektiboren parte hartzearekin, Giuzkoan bakarrik, 100 jardueratik gora antolatu dira 35 udalerritan banatuta (Gipuzkoako programa osoa formatu fisikoan Igartzako Monumentu Multzoan eskuragarri). Beste horrenbeste Bizkaia eta Araban. Guztiak https://www.europako-ondarea.eus web gunean.

Beasainen kasuan, honako jardunaldi hauek eskainiko dira:

  • IRAILAK 26, 11:00
    PAISAIAREN ERAIKUNTZA BEASAINEN
    Bisita gidatua
    Herri industriala dugu Beasain, industriarekin batera eta neurri handi batean hark sustatuta garatutakoa. Oso nabariak dira denboran hainbeste aldaketa izan dituen paisaia industrial honen eraikuntza eta bilakaeraren berri ematen diguten arrastoak: Igartzako Monumentu Multzoa, Caf, Manufacturas Olaran, langile-etxeak eta beste hainbat aztarna. Igartzako Monumentu Multzotik abiatu eta Beasaingo kaleetan barrena, Caf enpresara iritsi bitartean paisaia honen eraikuntza nolakoa izan den azalduko da.


    Euskaraz.
    Sarrera doakoa. Aldez aurretik erreserba egin behar da.

  • URRIAK 8-tik 31-ra
    BURDINGINTZAREN HISTORIA BEASAINEN
    Erakusketa
    Gipuzkoako ekonomiaren oinarri nagusia bigaren sektorea izaten jarraitzen du. Gure industriaren sare sendoa ez da ezerezetik sortu, aurreko mendeetan zehar bultzaturiko eta garatutako azpiegitura aurreindustrialaren ondorioa bizi baitugu. Industriaren bultzatzaile nagusia burdina izan da eta beraz, BURDINA izango da erakusketa honetako protagonista. Erakusketan burdinaren bilakaera, izan duen ezinbesteko papera, edota burdinarekin egindako erreminta ezberdinak ikusteko aukera izango dugu,

    Euskaraz / Gazteleraz
    Igartzako burdinolan. Sarrera doan.
    Astelehenetik ostiralera: 18:00 – 20:00
    Asteburu eta jai egunetan: 11:00 – 14:00 eta 18:00 – 20:00

  • URRIAK 16, 17:30
    IGARTZA BIZI
    Bisita gidatua
    Igartzako biztanleek, bertako langileek edo eta joan etorrian dabiltzan bisitariek beraien bizimoduaren berri emango dute bisita gidatu antzeztu honetan. Ibilbidean zehar, Igartzako biztanleek, mendez mende, beraien lanbideen sekretuak, gaztetxoen ikasteko moduak, aisialdi momentuak, burdingintzaren gogortasuna … ikusteko aukera izango dugu.

    Euskaraz / Zeinu hizkuntza
    Sarrera doan. Aldez aurretik erreserba egin behar da.

  • URRIAK 1-tik 15-ra
    BALIO ERANTZIA
    Erakusketa
    “Balio erantzia” Josu Maroto eta Ekaitz Goikoetxea marrazkilari eta sortzaileak elkarlanean sortu duten ilustrazio erakusketa da, biluzia eta edertasuna balioan jartzen dituen giza ondarea. Bertan giza irudiaren lanketa egiten da: estereotipo, zer gara, izatea, edertasuna, besteen begirada izatea …
    Erakusketari loturik bisita gidatuak egingo dira sortze prozesua azaltzeko.

    Euskaraz
    Igartzako jauregian. Sarrera doan.
    Astelehenetik ostiralera: 18:0 0 – 20:00
    Asteburu eta jai egunak: 11:00 – 14:00 eta 18:00 – 20:00