Maiatzak 12an (igandea) ospatuko da III. Gipuzkoako Erroten eguna. Aurten ere Igartzak parte hartuko du, ezohiko erakusketa batekin errotan.

Panel informatiboez osaturiko erakusketa arrunt baten ordez, ikus-entzunezko bat jarriko dugu. Oraingoan ordea ez gara errotan bakarrik zentratuko, kasu honetan Oria ibaia hartu dugu ardatz.

“Urak daramana, Oria ibaia” izenburupean, Erdi Arotik hasi eta XX.mendera arte, urak izan duen garrantzia, baina batez ere Oria ibaiaren erabilera ezberdinak, garapena, industrializazioaren eragina eta gaur egungo egoera azalduko dituen “dokumental” bat prestatu dugu. Igartzako azpiegitura hidraulikoaren erabilera abiapuntu hartuta, hasierako ehotze tradizionaleko errotetatik, azpiegitura beraz baliatuz lehenengo paper-errotetara salto egingo dugu; eta Oriako ertzetan zabaldu ziren paper fabriken albo ondorioak ere agertuko dira.

Ikusgai izango duzue maiatzak 11tik 26ra, Igartzako errota hidraulikoan.
Euskarazkoa eta gaztelerazkoa txandakatuko dira (bakoitza ordu erdi ingurukoa).

Ordutegia:
Astelehenetik ostiralera 18:00tatik 20:00tara.
Asteburuetan 11:00tatik 14:00tara eta 18:00tatik 20:00tara.